sábado, 18 de noviembre de 2017

XIBERO




Emakumea ez da dantzaria izan dantzatua baizik. Hau izan da azken urteotan gehien zabaldu den tesi orokorra. Euskal herriko folklorea gaingiroki edo azaletik ikusita posible da horrelako eritzi batera iristea, baina dantza munduak hori baino azterketa sakonago bat merezi du antzeko irakurketa sinpleak egin aurretik, batez ere, okerrak sahiestearren.
Hausnarketa sakon bat eginda oso zaila gertatzen da euskal dantza tradizionalean emakumeak izan duen paperaz hitzegitea, halere, azken mendeetatik hona dugun informazioa jaso eta azterketa kritiko bat eginez hipotesi bat eraikitzeko oinarri bat hartzera iritsi gaitezke. Eskuartean ditugun kronista, bidaiari, historialari edo idazlek utzi dizkiguten testuak analizatu eta egungo folklorista eta koreografoenekin alderatuz ahal den ondorio objetibo eta garbiena ateratzeko parada dugu.
Ukaezina da euskal dantza tradizionalean, gaur egun, emakumearen parte hartzea eskasa dela, edo gizonezkoarena baino urriagoa bederen. Baina, eta hori, betidanikoa al da?, edo prozesu historiko berezi baten ondorioa?
 XVII mendean Pierres de Lancre inkisitore ankerrak Lapurdiko epai bidezko prozesuko itaunketa batean, sorgina izatearen arrazoia eskatzean, honako erantzuna jaso zuen: "soilik dantza egiteko plazerrarengatik". Garai batean emakumeak bere toki propio normalizatu bat zutela ondoriozta dezakegu inongo zalantzarik gabe.

DANTZA ERRITUALAK ETA PLAZADANTZAK
Begibistakoa da, erritualetaz aritzean, gehiengo batetan gizonezkoak direla protagonismo osoa dutenak. Erritualak gizarteak une konkretu batean kosmogonian, historian, oroipen kolektiboan edo naturan dituen gertaera puntual garrantzitsu batzuk gogoratzeko egiten dira. Xedea, euren ospatzea edota kontrolatzea izan daiteke. Dantza erritualekin XIX mendean definizio bat hedatzen da: arintasuna, indarra izango dira dantzen ezaugarri garrantzitsuenak eta guda gisa azalduko dira uneko sinbologia bilatu nahiean (Pablo Gorosabel, artean), halaber, emankortasunarekin zerikusia zuten ohitura erritualak baztertu egiten direlarik.


 Aski jakina da emakumearen parte hartze zuzena gudatan eskasa izan dela eta emankortasunarekin, berriz, beti erlazionaturik agertu dela. Horrelako azalpenak nagusitzen diren heinean errito itxiak ahaztu egiten dira, hots, sinbologia ezartzen denean (gudarena kasu honetan), sinbologia horrek aldarazten du objetuaren forma (dantzarena), eta berak (objetuak) garrantzia galtzen du.
Duela zenbait urte eta Azkueren kantutegitik jasota Urdiaingo San Juan Kantaita berreskuratzea erdietsi zen. Aspaldidanik galdua zen dantza bitxi hau; oso berezia ikuspegi ezberdinetatik: dantza itxia, bakarrik emakumeena, lurraren emankortasunarekin zuzen zuzenean harremanetan dagoena ("orain artean behar hemendik aurrera gari") eta San Juan inguruko sinbolo edo ikurren sintesi aberatsa ematen diguna.
Dantza hau galdu zen lez, ez al da beste askorekin berdina gertatu? Dokumentu eta idatzi ezberdinei begirada bat botatzen badiogu -bilatzen saiatzen bagara behintzat- aurkitu ahal izango ditugu zenbait erritual Urdiaingo honekin bat emakumeek egiten zutena. Esate baterako panderoaz lagunduriko dantzak azaltzen zaizkigu, alde batetik Lizarrako Aita Hilario Olazaranek jasoa Donibane Lohitzunen Abel Joan kronistaren idatzitan, eta bestetik, Von Humboldt bidaiari berak ere bere bidaietan uzten dizkigu antzekoak.
Ultzama aldean ere gisakoak gogoratzen dira eta Baztango Arraiotzen, duela gutxi arte egiten zen, Erregiña eta Saratsa panderoa lagun zutelarik. Emakumea eta panderoa batean ikusten dugu askotan eta ez soilik Euskal Herrian, bai Kantauri hegiko beste zonalde batzutan ere. Hau horrela izaki, nork uka emakumeen parte hartzea galdu diren erritual askotan? Espreski ikusten dugu panderoari loturik doala kasu anitzetan, gehienetan galduak izan diren ohituretan.

Fernando Rojo, Licenciado en Historia.

No hay comentarios:

Publicar un comentario